Israelek zazpi palestinar hil ditu, tartean sei ekintzaile, aire eta lurrez egindako erasoaldietan
Gazako lurralde palestinarrean, airez zein lurrez, erasoaldiak egin ditu beste behin Israelek. Orotara zazpi lagun hil ziren atzo egindako erasoetan. Hori nahikoa ez balitz bezala, joan den urtarrilaren 17an ezarritako blokeoa, areagotu egin du Israelek. Gazara bideratzen duen argindarra %5ean murriztu du atzo iluntzeaz geroztik.
Israelgo armadaren erasoetan hildako zazpi palestinarretatik sei ekintzaileak zirela zehaztu zuten hedabideek. Jabalia Gaza iparraldean dagoen iheslari gunean hil zituzten horietako lau. Piloturik gabeko aireko batek misil bat bota zien. Gaza Hiriko Tuffa auzoan mota bereko beste aireko batek zartarazitako misilak, aldiz, beste bi ekintzaile hil zituen, eta lau lagun zauritu, hiru larri.
Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimendukoak ziren hildako ekintzaileetako bost iturri palestinarren arabera. Jihad Islamikoa erakundeko zen seigarrena. Beit Hanun Gaza iparraldeko hirian, aldiz, ikastetxe bateko irakasle bat hil eta hiru ikasle zauritu zituen Israelek. Armadaren tankeek ikastetxea bonbardatu zutela zehaztu zuten iturri palestinarrek.
Gazatik Israelera ekintzaile palestinarrek koheteak jaurtitzeari utzi artean erasoaldiarekin segitzeko asmoa du Israelek. Blokeoa gero eta handiagoa bada ere, erresistentziak koheteak botatzeari eusten dio. Ezzdin al Kassam Brigradek, alde horretatik, hamalau kohete bota zituzten atzo Israelera. Koheteak lehertzean bi lagun zauritu ziren. Asteazkenean, berriz, bi haur zauritu ziren koheteen eraginez. Israelen «krimenei» erantzuteko modua dela ohartarazi du Hamasek. Fauzi Barhum Hamaseko eledunaren ustez erresistentzia gero eta irmoagoa da: «Israelek krimenak egiteak indarra ematen ditu; izan ere, gogor jokatzea da gure eskubideak berreskuratzeko dugun bide bakarra».
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak eginiko proposamena atzera bota du, bestalde, Hamasek. Abbasek Israelekin su-eten bat hitzartzeko prest zegoela jakinarazi du eta asmo hori sostengatuko duen galdetu dio Hamasi. Gazako palestinarrek jasaten duten eguneroko odol isurketak amaitzeko modua hori dela uste du Abbasek. Hamasek, alta, eskaintza arbuiatu du. Barhum eledunaren hitzetan presidentearen proposamena herri palestinarrari xantaia egiteko modua da: «Abbasek buru makurtzea asmo duten jokabideak hobesten ditu, eta bere herria abandonatu egin du masakratuta izan dadin».
ARGINDAR HORNIKETA. Israelgo indar armatuen eguneroko erasoez gainera, erabateko blokeoa pairatzen du, joan den urtarrilaren 17az geroztik, Gazak. Neurri horiek, arindu beharrean, areagotu egiten ditu egunetik egunera Israelek. Gazara bideratzen duen argindarra, berriz, murriztu egin zuen atzo iluntzean. Horniketa %5ean murriztu du eta, ondorioz, orain arte 120 megawatio jasotzen bazituen, gaurtik aurrera 1,5 megawatio gutxiago jasoko ditu. Gazan dagoen zentral elektriko bakarrak 80 megawatio ekoizten zituen, baina bonbardaketen eta blokeoaren eraginez, egun 40 megawatio baino ez ditu ekoizten.
Human Rights Watch giza eskubideen defentsarako nazioarteko erakundeak gogor salatu du neurri hori: «Gazan bizi diren 1,5 milioi biztanleen aurkako zigor kolektiboa da». Israelek, era berean, gerra legeak urratzen dituela salatu du HRWk: «Israelek, kohete jaurtiketei mendekatzeko aitzakian, indarrean jarritako neurriek ondorio oso larriak eragin dizkiete jada erietxeen jarduerari, uraren horniketari, ur kutsatuen garbiketa sistemari eta beste hainbat azpiegiturari». Palestinarrak premiazkoak diren azpiegiturarik gabe uzteko leporatu dio, beraz, Israeli.

Zabaldu
del.icio.us